53. zenbakia · 2004 (4)

Euskara dela eta… neskek zer diote?

Jone Miren Hernández García
Artikuluaren izenburuari erantzuna bilatu asmoz, eta sarrera gisa, orain dela urte pare bat burututako ikerketa baten ondorioak ekarri nahi izan ditut orrialde hauetara. Azterketa EAEko D ereduko ikastetxe batean burutu zen eta bertako ikasleak izan ziren ikerketaren objektu eta protagonista nagusiak. Beraien errutinak jarraituz, ikasgelan, pasabideetan eta jolastokian murgiltzeko aukera izan nuen, eta bide batez bertan gertatzen zena behatzekoa. Ikasleekin eseri nintzen, elkarrekin hitz egin genuen, eta hainbat eginbeharretan taldekide bihurtu nintzen. Hurbiltasun horrek zenbait egoeren lekuko izateko aukera eman zidan. Aldi berean, eguneroko gertutasunean hainbat egoera eta gertakari gaztetxoekin komentatzeko parada ere izan nuen. Jarraian, solasaldi horietako batzuk plazaratu nahiko nituzke, maila teoriko edo hipotetiko batean sarritan esaten dena gizarte aktoreen hitzetan nola adierazten den ikusi ahal izateko.