45. zenbakia · 2002 (4)

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politikaren adierazgarri

Miren Mateo
SARRERA Ezer baino lehen eskerrak Bat soziolinguistika aldizkariaren argitaratzailei ale honetan parte hartzera gonbidatzeagatik. Enkargua Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren gainean jardutea izan zen eta horri helduz, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Koordinaziorako zuzendari naizen aldetik, gure gobernuaren hizkuntza-politikarako ildo orokorrak adierazi nahi dizkizuet. Gure autonomia-erkidegoan, berrogei eta hamar urte eskasean gure hizkuntzaren egoera goitik behera aldatu da: erabateko debekutik Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia izeneko plan estrategikoa zuzentzaile bat onartzera pasa gara. Euskararen normalizazioaren aldeko egitasmo edo plan sektorialak sistematikoki biltzeko esparrua da, eta bere asmoa, errealista, euskararen erabilera ohiz erabiltzen den esparruetan gehitzea eta gaur egungo erabilera esparruak zabaltzea da. Duela hogei urte baino zertxobait gehiago onartu zen Euskal Herriko Autonomia Estatutuari (1979) esker gertatu da hori; izan ere, gure instituzioak berreskuratu eta 10/1982 Oinarrizko Legea, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzekoa, onartu ahal izan genuen.