66. zenbakia · 2008 (1)

Euskaljakintza: Euskara eta teknologia berriak

Maite Goñi
Zer da euskaljakintza? Azkenaldian, web 2.0 edo Internet berriaz nonahi entzun dezakegu. Asko hitz egin da, halaber, irakaskuntzak internetera hurbiltzeko eta berau ulertzeko modu berri honi atera dakizkiokeen onurez. Jakintza Ikastolako IKT taldean, duela urte batzuk hasi ginen ohartzen onura hauez eta hausnarketa sakon baten ondorengo emaitza dira gaur egun abian ditugun hainbat proiektu. Garbi ikusi genuen web 2.0 delakoak orokorrean asko eskaintzen zuela, eta irakaskuntza arloan bereziki emankorra izan zitekeela. Alde batetik, dohaineko eta erabilerrazak diren tresna mordo bat (blogak (1), wikiak (2), webquestak(3), batzaileak(4), marka-gune sozialak(5)…) jartzen dira gure eskura; eta, bestetik, hori bezain garrantzitsua den filosofia berri bat (partekatzea, ezagutza denon artean eraikitzea, autonomiaz jokatzea, irakaslearen rola aldatzea…). Gauzak horrela, ez genuen nahi teknologia berrien inplementazioa informatikako klaseetara edo ordenagailu gehiago erostera mugatzea. Esparru eta gai guztietara heltzea nahi genuenez, metodologian eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan eragitea ezinbestekotzat jo genuen. Testuinguru horretan ulertu behar da gure lehenengo blogen sorrera: IKTeroak(6), Jakinstein(7), Ordizia, Jakinmin eta euskaljakintza(8).