43. zenbakia · 2002 (2)

Euskal Herria, soziolinguistika eta kale neurketa

Juan Mari Mendizabal
Alde batetik zera azpimarratu behar genuke, gure herriaren berreuskalduntzea helburu estrategikotzat dugun guztiontzat hizkuntza politikak ere maila horretako garrantzia daukala eta horren azpiegituraren atal batek egoera soziolinguistikoaz arduratu behar duela. Ikerketa soziolinguistikoak kokapen bat edo beste izango du, eta dauka gaur ere, dauzkagun hizkuntza politikakoetako helburuen arabera. Ildo horretan, lehendabizi agerian jarri beharrekoa da Euskal Herriak gaur oraindik ez duela horrelako azpiegiturarik, nahiz eta bere beharra argia izan hizkuntzaren egoera arrisku bizian den herri batentzat. Horrekin lotuta ere, agerian utzi beharko genuke lurralde hauetan diharduten unibertsitateek soziolinguistikari eman izan dioten garrantzia eskasa : departamentu batzuetako pertsonen arduran gelditu eta hortik bideratu izan dira ekimen apurrak(ikastaroak,...). Euskararen aldeko mugimenduak, eta oro har euskalgintzak askotan jo behar izan du soziolinguistikara, gure errealitatea ezagutzeko asmoz eta bere kasa sortu behar izan ditu bitartekoak horri erantzuteko. Hala ere, beti bezala bitarteko gutxiz, baina herri ekimenak erantzun dio alor honi ere: hor dugu kale neurketa eta Soziolinguistika Institutua sortzeko asmoa.