121. zenbakia · 2021 (4)

Europar Batasuneko hizkuntz politikak, praktikak eta diskurtsoak

Karmelo Ayesta Sagardui
Migrazioek, teknologia digitalen garapenak, globalizazioak eta beste gizarte aldaketa batzuek egunerokotasuna gero eta eleanitzagoa izatea eragiten dute. Testuinguru horrek galdera eta hausnarketa berriak eskatzen ditu: nola babestu eta sustatuko da tokiko berezko hizkuntza inguru eleanitzean? Zer funtzio beteko dute tokiko hizkuntzek, estatuetako hizkuntza hegemonikoek, ingelesak eta migratzaile eta turisten hizkuntzek? Nola egokituko dira euskara sustatzeko estrategiak mugikortasun handiko Europako gizarte eleanitz, ireki eta digitalera? Europako Batzordeko eta estatu kideen hizkuntz politika eta praktikak ezagutzea lagungarria izan daiteke hausnarketa hori bideratzeko: alde batetik, Euskal Herriko egoeraren alderdi batzuk bereziak izan arren, EBko beste hiztun komunitate batzuen errealitateak esanguratsuak eta argigarriak izan daitezkeelako, eta, bestetik, ezinbestekoa delako, gaur egun, EBko ikuspegia kontuan hartzea, Europako eragina gero eta nabarmenagoa delako tokiko politiketan. • Hitz gakoak: Europar Batasuna, hizkuntz politika, diskurtsoak, lingua franca, eleaniztasuna