44. zenbakia · 2002 (3)

Europar Batasunaren hizkuntz sistema: aurreikuspenak zabalkunde prozesuaren aurrean

Isidor Marí, Miquel Strubell i Trueta
Hedapenaren ondoren, Europar Batasuneko instituzioen gaur egungo hizkuntz sistemak eta sistema horren bideragarritasunak izango duten etorkizuna zenbait ikuspegitik iker daiteke (eta egin ere, horrela egin da). Legearen ikuspuntutik instituzioen eleaniztasunaren beharra azpimarratzeko joera dago Europako hiritarren segurtasuna ziurtatzeko; izan ere, horiei aplikatzen zaie zuzenean Batasunaren jurisdikzioa. Ikuspegi politikotik, aldiz, beste bi alde azpimarratzen dira: batetik, Europako aniztasun linguistikoa hiritar guztientzat zabalik egongo den eztabaida gune baten sorrerarekin bateragarri egitea; eta, bestetik, Europako hiritar eta herri guztiek instituzio dinamikan parte hartzeak izan ditzakeen ondorio linguistikoak. Azkenik, azterketaren abiapuntua instituzio eleaniztasuna izango balitz, orduan, arreta hizkuntz sistemaren kostuari, eraginkortasunari eta funtzionaltasunari emango litzaioke.