47. zenbakia · 2003 (2)

Eurohiria eta euskararen normalizazioa

Jakes Bortairu
Euskararen normalizazioak, Euskal Herriko hizkuntza lurralde honetako biztanleentzat eguneroko komunikazio tresna bihurtzeko prozesu soziolinguistiko bezala ulerturik, norabide estrategiko batzuk inplikatzen ditu. Hala nola, euskal hiztunak ugaldu, hizkuntzaren funtzio sozialak irabazi, erabilera sustatu, edota lege eta arau juridikoak sortu. Norabide horiek gauzatzeko hainbat tresna edo baliabide eskuratu eta baldintzak bete behar dira. Horien artean batzuk ezinbestekoak dira: herriaren borondatea eta inplikazioa, botere publikoen engaiamendu irmoa, hizkuntz politika finkatzeko eta eramateko tresna instituzionalak, lurraldeko botere gune identifikatua, dirua, eta abar. Galdera, beraz, hauxe da: eurohiriaren sortzea behar guzti horiei begira lagungarria izan daiteke ala normalizazioari oztopo gehiago sortuko dizkio?