43. zenbakia · 2002 (2)

Erabileraren Kale Neurketa. Ibilbidea eta metodologia

Olatz Altuna
SARRERA Euskal Herriko Kale Neurketak, Euskal Herri osoan, eremu publikoan ¾kalean¾, euskararen ahozko erabilera neurtzen du. Estreinakoz 1989an egin zen neurketa hori, geroztik lau urtean behin errepikatu da. Hamabi urte igaro ondoren, beraz, IV. Kale Neurketa burutu dugu. Orain arteko hiru Neurketak Euskal Kultur Batzarraren (EKB) zuzendaritzapean egin dira. EKB desagerturik SEI Elkarteak hartu du bere gain euskararen egoera zertan den aztertzeko ezinbestekoa den ikerketa hau. Esan bezala, hamabi urteko ibilbide luzea du Euskal Herri mailako Kale Neurketak. Aurretik, Siadecok burutu zituen kale neurketak, Gipuzkoa osoan (1983) eta Ipar Euskal Herriko barnealdean. Aitzindaritza lan horien ostean, proiektu hau sortzeko ahalegin eta ekarpen handiak egin zituzten Siadecok berak metodologiari dagokionean (Iñaki Larrañaga eta Kike Amonarriz buru), unibertsitateko zenbait irakaslek erabilerari buruzko teorizazioan (J.L. Alvarez Enparantza “Txillardegi�» eta Xabier Isasi), eta Euskal Kulturaren Batzarrak proiektuari maila orotako babes eta laguntza “logistikoa�» eskainiz. Bihoakie bada, horiei guztiei gure esker ona euskararen osasuna diagnostikatzeko lanari eta, oro har, euskal soziolinguistikari egindako ekarpen garrantzitsu honengatik.