47. zenbakia · 2003 (2)

Eleaniztasunaren erronkak eurohirian: komunikazio etenak eta mugaz gaindiko joera berriak

Aitzpea Leizaola
Mugaldea behatoki aparta da hizkuntzen erabilera eta funtzioak ikertzeko: mugaz gaindi hedatzen diren hizkuntz komunitateak, estatu mugakideek hizkuntza nazional gisa hautatukoen arteko harremanak... Azken hauei dagokionez, mugak definitzen du euren eremua administrazio alorrean, hezkuntzari eta orokorrean eguneroko bizitzari dagokionez ere. Banaketa hau, ordea, ez da inoiz zehatza ez definitiboa izaten, muga politikoek nekez egiten baitute bat kultur eta hizkuntz komunitateekin, euskaldunok ondo dakigun moduan. Jarraian, mugaldea eta mugaz gaindiko hizkuntz jarduna izango dugu hizpide. Lehenik eta behin, border studies delakoan antzemandako hutsunea izan du abiapuntu honako lan honek. Zuzenki hizkuntzaren ikerketarekin lotuta ez dagoen arren, harrigarria da ikerketa lerro honetan orain artean ganorazko ikerketarik egin ez izana hizkuntz jardunaren inguruan. Bada beste hutsune aipagarri bat ere: erakunde supranazional deiturikoak, hau da, Europar Batasuna gisako nazioz haratagoko erakundeak, zientzia politikoen zein antropologiaren eskutik ikertzerakoan, hizkuntzari arreta gutxi eskaini izan dio. Oro har, mugaz gaindiko testuinguruetan hizkuntzaren inguruan dagoen ikerketa falta ikusirik, txalotzekoa da gisa honetako zenbaki monografikoak prestatzea. Bestalde, mugaldean burututako antropologia doktoregorako lekuan lekuko lanak bultzaturik, lan honen xedea ikertzeke dauden zenbait gertaera agerian jartzea da. Egungo egoera soziolinguistikotik abiatuta euskal eurohiria deritzon mugaz gaindiko esparruan kokatuko gara. Lehen hurbilketa honetan, batik bat, hezkuntzari lotutako hizkuntz jarduerak eta mugaz gaindiko harremanak izango dira ardatz.