Joxe Manuel Odriozola
Liburu mardula hau, mardulik baldin bada. Egia esan, liburu bakar baten barruan bi liburu daudela esan beharko genuke. Lehenengo erdiak elebitasunaren gora-beherak jorratzen ditu, eta bigarrenak Espainiako komunitate elebidunen egoera azaldu nahi luke. Etxekoa dugu, gainera, egilea: Maitena Etxebarria, profesora de la UPV/EHU y una de nuestras primeras especialistas en Socilingüística. Etxeko izate hori, hala ere, ez dirudi euskararen arauetara iritsi denik, deiturak berak salatzen duen bezala: Arostegui. Izenak ba ote du oraingo honetan izanarekin zerikusirik?
Goazen bada, bestetara baino lehen, liburuaren barne-egitura aurkeztera. Esan berri dugunez, liburuak izari bikoitza du bere garapenean. Eta lehen parteko idazpuruak, dauden daudenean emanda, honako hauek dira: Bilingüismo individual; Tipos de bilingüismo; Medidas de bilingüismo; Formación y desarrollo del individuo bilingüe; Bilingüismo social; Comunidades bilingües; La educación bilingüe. Bigarren partearen idazpuru nagusiak zera dio: Las comunidades bilingües de España. Eta oihal nagusi honen azpian estaltzen ditu beste aztergaiok: La configuración de las comunidades autónomas con lengua propia en España; Cataluña/Catalunya; Islas Baleares/Illes Balears; Valencia/País Valencia; Galicia/Galicia; Comunidad Autónoma del País Vasco/Euskal Herriko Autonomi Elkartea; Comunidad Foral de Navarra/Nafarroako Foru Komunitatea; Otras comunidades en situación de diversidad lingüística.