66. zenbakia · 2008 (1)

Begiratu bat corpus-baliabideei

Nerea Areta, Antton Gurrutxaga, Igor Leturia
1 Sarrera Maiz esan ohi da hizkuntza batek hizkuntza-teknologien garapenean duen maila lotuta dagoela hizkuntza horren 'osasunarekin', horren adierazle izateraino. Ez da aztia izan behar bi alderdi horien arteko lotura badagoela sumatzeko. Mundu zabalean posizio 'indartsuan' dauden hizkuntzak dira hizkuntza-teknologietan, eta, horien artean, corpusgintzan, baliabide gehien dituztenak. Horrek, berriz, zerikusi zuzena du hizkuntza horiek mintzatzen diren herrialdeen botere ekonomikoarekin ere, zientzia- eta teknologia-ikerkuntzan inbertitzeko baliabide handiak, eta gizarte teknologizatuak, behar baitira, produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea bideragarria izango bada.