34. zenbakia · 2000 (4)

Alderdi abertzaleak eta UEMAren etorkizuna. Angel Mari Elkanori galderak (EH)

Anjel Mari Elkano
SEI ELKARTEAk eginiko bost galderei EHk emaniko erantzuna. 1.- UEMA hamar urteko bidea egina eta 50.000 euskaldun biltzen duen errealitatea da. Zein da zuen alderdiak UEMAren aurrean duen jarrera? Gure Hizkuntza Politikak euskararen normalkuntza prozesuaren inflexio puntua hiru zutabetan finkatzen du: euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osora zabaltzean, belaunaldi berrien euskalduntzea ziurtatzean eta biztanlegoaren %80a euskalduna duten udalerrien UEMAratzean. Hizkuntza Politikaren funtsezko atala da beraz, UEMA guretzat. Horrexegatik, ezinbestekotzat jotzen dugu UEMA indartzea, zonalde euskaldunei lehentasuna ematea, zonalde hauek normaltasunez gara daitezen dagokien politika sozioekonomiko berezitua ematea... Tamalez, EH da apostu horri seriotan eusten dion bakarra. Egun UEMA osatzen duten herrien kopuruaren %80a EHren esku egotea horren isla da. PNV eta EAk ez diote oraindik proiektu honi behar zaion irmotasunez erantzun.