66. zenbakia ·
2008 (1)
Euskaljakintza: Euskara eta teknologia berriak
Maite Goñi
Zer da euskaljakintza?
Azkenaldian, web 2.0 edo Internet berriaz nonahi entzun dezakegu. Asko hitz
egin da, halaber, irakaskuntzak internetera hurbiltzeko eta berau ulertzeko
modu berri honi atera dakizkiokeen onurez. Jakintza Ikastolako IKT taldean,
duela urte batzuk hasi ginen ohartzen onura hauez eta hausnarketa sakon baten
ondorengo emaitza dira gaur egun abian ditugun hainbat proiektu. Garbi ikusi
genuen web 2.0 delakoak orokorrean asko eskaintzen zuela, eta irakaskuntza arloan
bereziki emankorra izan zitekeela. Alde batetik, dohaineko eta erabilerrazak
diren tresna mordo bat (blogak (1), wikiak (2), webquestak(3),
batzaileak(4), marka-gune sozialak(5)…) jartzen dira gure eskura; eta, bestetik,
hori bezain garrantzitsua den filosofia berri bat (partekatzea, ezagutza denon
artean eraikitzea, autonomiaz jokatzea, irakaslearen rola aldatzea…).
Gauzak horrela, ez genuen nahi teknologia berrien inplementazioa informatikako
klaseetara edo ordenagailu gehiago erostera mugatzea. Esparru eta gai guztietara
heltzea nahi genuenez, metodologian eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan eragitea
ezinbestekotzat jo genuen. Testuinguru horretan ulertu behar da gure lehenengo
blogen sorrera: IKTeroak(6), Jakinstein(7), Ordizia, Jakinmin eta euskaljakintza(8).