66. zenbakia ·
2008 (1)
Begiratu bat corpus-baliabideei
Nerea Areta, Antton Gurrutxaga, Igor Leturia
1 Sarrera
Maiz esan ohi da hizkuntza batek hizkuntza-teknologien garapenean duen maila
lotuta dagoela hizkuntza horren 'osasunarekin', horren adierazle izateraino.
Ez da aztia izan behar bi alderdi horien arteko lotura badagoela sumatzeko.
Mundu zabalean posizio 'indartsuan' dauden hizkuntzak dira hizkuntza-teknologietan,
eta, horien artean, corpusgintzan, baliabide gehien dituztenak. Horrek, berriz,
zerikusi zuzena du hizkuntza horiek mintzatzen diren herrialdeen botere ekonomikoarekin
ere, zientzia- eta teknologia-ikerkuntzan inbertitzeko baliabide handiak, eta
gizarte teknologizatuak, behar baitira, produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea
bideragarria izango bada.