66. zenbakia ·
2008 (1)
Hizkuntzaren tratamendu automatikoa euskararen irakaskuntzAN
Itziar Aldabe, Bertol Arrieta, Arantza Diaz de Ilarraza, Montse Maritxalar, Ianire Niebla, Maite Oronoz, Larraitz Uria
Sarrera
Gaur egun hizkuntzak irakatsi zein ikasteko hainbat tresna informatiko dauzkagu
merkatuan. Euskararen kasuan ere hainbat bide jorratu dira dagoeneko. Izan ere,
hizkuntzen irakaskuntzaren arloan aukera asko ematen ditu informatikak. Batzuk
hizkuntza bat ikasteko metodo edota osagarri gisa aurkezten dira. Beste batzuk,
nahiz eta hizkuntza bat irakasteko izenburupean ez saldu, erabilgarri gerta
daitezke hizkuntza baten ikaste-prozesuan zehar. Hau dela eta, ondoren egingo
dugun egoera-azterketan, ikuspegi zabala hartuko dugu eta ordenagailuek ikasgelan
eta ikasgelatik kanpo hizkuntzak irakasteko eskaintzen dizkiguten baliabideak
aipatuko ditugu.