61. zenbakia ·
2006 (3)
Soziolinguistikaren irakaskuntza Herrialde Katalanetan
Ernest Querol
1. HITZAREN ESANAHIA
Soziolinguistika hitzak berak adierazten duen bezala, alor hori bi diziplinaren artekoa da, eta horrek kontzeptuaren zabaltasuna adierazten digu, hein batean. Perspektiba zabal batetik, geure buruari galdetzen badiogu curriculumeko zer ikasgaik duten soziolinguistikarekin zerikusia, konturatuko gara asko direla. Centre Universitari de Comunicació i Sociolingüística (CUSC) (*1) delakoak nahiko zabal azaltzen du zer ikasgai ikas daitezkeen katalanez hitz egiten den esparruko unibertsitateetan, soziolinguistikaren kontzeptu zabaletik abiatuta. Antropologiaren bidean, honako gai hauekin lotutako ikasgaiak aurkituko ditugu: etnikotasun eta nazionalismoarekin lotutakoak, eta immigrazio eta kultura-aniztasunarekin lotutakoak. Hizkuntzaren eta literaturaren didaktikaren alorrean, beste gai hauekin zerikusia dutenak: ukipenean dauden hizkuntzekin eta ikerketa etnografikoekin. Gizarte-hezkuntzaren aldetik, beste gai hauekin lotutako ikasgaiak daude: hezkuntza kulturanitzarekin eta ingelesa bigarren hizkuntzatzat hartzearekin lotutakoak.