61. zenbakia ·
2006 (3)
HITZAURRE GISA 61 ZKIA.
Maria-Jose Azurmendi
Gure aldizkari honen aztertze-arloa oro har soziolinguistika da, euskal soziolinguistika bereziki, bere zentzu zabalean hartuta: hainbat tradizio disziplinarren arteko lotura egiten dakiena, bertan sortzen diren ibilbide eta ikuspegi anitzak osagarri moduan lantzen dituena, teorikoa eta aplikatua dena, unibertsaltasuna eta lekukotasuna maneiatzen dakiena, eta abar. Hauetako azpimarratze asko jaso dira aldizkari honetan, neurri batean bada ere, bere historian zehar. Aldizkariaren bilakaeran parte hartu dutenen artean daude unibertsitate munduarekin lotzen diren ezagutzak eta adituak, bai irakaskuntzarekin eta bai ikerkuntzarekin gauzatzen direnak, baita gauzatu nahi direnak ere; horregatik, unibertsitatearen eta unibertsitarien inplikazioa lortzea beharrezkoa ikusten dugu modu egokienean aurrera egin ahal izateko. Horrela sortu da zenbaki honen aztergai monografikoaren beharra: unibertsitate mailako soziolinguistika irakaskuntza eta ikerkuntza nolakoak ditugun jakin beharra, nahiz eta zenbaki honetan irakaskuntza landuko den. Horretarako, Euskal Herrian ditugun unibertsitateetara eta unibertsitate mailako bestelako irakaskuntzetara ere joan gara nolako egoera dagoen jasotzeko asmoarekin; zenbaki honetan lortutakoa adierazten dugu.