56. zenbakia ·
2005 (3)
Elebitasunarekiko eta euskararekiko jarrerak: Arabako Errioxako zenbait datu
Jokin Aiestaran
“Jarrera” hitza hedapen handikoa da, sarri eta testuinguru anitzetan erabiltzen dena, baina, aldi berean, ez da atzematen erraza. Hainbat eta hainbat definizio eman dira, jarreraren izaera konplexua jasotzeko ahalegin horretan. Allport-en (1954: 45) definizio klasikoan, jarrera “gertutasunezko egoera mental eta neurologikoa da, esperientzia medio egituratua, gizabanakoak bere inguruko objektu edo egoera guztiei ematen dien erantzunean eragin dinamikoa duena”. Jarreren definizioak askotarikoak dira, orokorragoak edo espezifikoagoak diren (Gardner, 1985). Ajzen-ek (1988: 4), esaterako, honela definitzen du jarrera: “objektu, pertsona, erakunde, edo gertaera baten aurrean, hari alde edo aurka erantzuteko joera”.