48. zenbakia ·
2003 (3)
Globalizazio garaiotarako biziraupen-estrategia bat euskal hizkuntza-komunitatearentzat
Aitor Zuberogoitia
Gauza jakina da globalizazio garaiak bizi ditugula; garaiok, argi dago, desafio berriak ekarri dizkiete herri eta hizkuntza gutxituei. Hori hain da horrela ezen identitatearen inguruko eztabaida inoiz baino biziago sumatzen dugun azkenaldion; sasoi bateko identitate estatiko eta aldagaitz samarrek iraganeko kontu dirudite eta aro historiko berriak erantzun are berriagoak eskatzen dituela ematen du. Bide zail horretan barneratzeko saiakera da honako hau. Bide zail horretan barneratzen hasteko, berriz, Euskararen presentzia gaur egungo prentsa elebidun abertzalean: Deia, Egin, Enbata, Ekaitza, Gara eta Le Journal du Pays Basque kazeten ikerketa eta euskara hutsezko komunikazio-esparru autozentratua trinkotzeko proposamena izenburua duen doktorego-tesitik ateratako ondorio batzuez baliatuko naiz.