35. zenbakia ·
2000 (1)
Euskara Oarsoaldeko Merkataritzara: Bost urteko garapena, bilakaera eta gogoeta
Joxe Luis Agirretxe
Merkataritza alorra egungo gizartearen motore garratzitsuenetako bat dela errealitate ukaezina da. Motore zentzu askotan da gainera, ekonomia ikuspegitik ez ezik, gizarte-harremanen ikuspegitik ere bai, galde bestela denda ttikien itxieraren ondorioz kale giroa arras moteldua duten herriei. Gizartean halako pisua duen alor batean euskarak lekua izatea behar-beharrezkoa da normalizatuko bada behintzat. Beraz, sektorean euskara normalizatzeak kaleko hizkuntza harremanetan, paisaian eta abarretan du eragin zuzena.
Kontu hauek guziak aztertuta, orain bost urte ekin zitzaion Oarsoaldea eskualdean (Lezo, Oiartzun, Pasaia, Errenteria) Euskara Merkataritzara egitasmoari. Txosten honen bidez eskualde honetan lan-ardatz hau jorratzen hasi ginenetik gaur arteko esperientzia eta egitasmoak berak izan duen bilakaera azaldu nahi dizkizuet. Ez beraz analisi sakon eta datu zaparradarik espero, bere xumean esperientzia baten kontaketa baino ez baita.