Bat Soziolinguistika Aldizkaria euskaraz argitaratzen den ikerketa soziolinguistikaren aldizkari zientifikoa da. Bere helburua euskararen biziberritze-prozesuaren inguruko ezagutza zientifikoa hedatzea da.
Aldizkariaren xede-taldea euskal soziolinguistika esparruan lanean ari diren ikertzaileak, unibertsitateko irakasle zein ikasle izan, eta euskara biziberritzeko prozesuan inplikatuta dauden agente guztiak, hala nora, Herri Administrazioko esparru desberdinetako teknikariak eta hizkuntza-politikako ardura publikoa duten guztiak. Era berean BAT aldizkarian argitaratzen diren lanek interesa piztuko dute nazioarteko hizkuntza biziberritze-prozesuetan inplikatuta dauden gainerako hizkuntza-komunitateetako ikertzaileak eta eragileak, eta, modu zabalagoan soziolinguistika esparruan interesa duten gainerako ikertzaileak. Azkenik, euskararen normalizazioan murgilduta dagoen gizarte osoak ere badu interesa BAT Soziolinguistika Aldizkarian argitaratzen diren artikuluetan.
Aldizkaria Euskal Kulturaren Batzarrak (EKB) sortu zuen 1990. urtean; eta sortze-prozesu horretan inplikazio zuzena izan zuen Jose Luis Enparantza Txillardegik.
Aldizkariak urtero hiru zenbaki emango ditu argitara 2025. urtetik aurrera, lau hilabeteko maiztasunarekin, soziolinguistikaren eremuan Euskal Herrian zein atzerrian landutako eredu teorikoak, esperientziak eta erreferentziak eskainiz. (2024. urte bitartean lau zenbaki eman ditu urtero).
Soziolinguistika Klusterra euskara biziberritzeko ikerguneak argitaratzen du BAT Soziolinguistika Aldizkaria 2004. urtetik aurrera paperean eta 2020. urtetik aurrera, baita aldizkari digital modura ere.
Gure nazio-hizkuntza berriro Euskal Herriaren mintzabide eta oinarri bihurtuko bada, beraz, bi gauza lortu behar ditugu; eta lorpen horretan laguntzekotan sortu da eskuetan duzun aldizkari hau. Bata, hizkuntzaren alorreko fenomenoak ahalik eta ongienik ezagutzea. Lehendabizi jakin egin behar da, egia ezagutu behar da albait zehazkienik; beste herrietako saioak, arrakastak eta porrotak aztertu behar dira. Bestea, berriz, hizkuntza pizkundean herria bera interesatu gabe, soluziorik ez dagoela sinetsi eta sinestarazi behar dugu. Herriak ez badu nahi, herriak ez badu nazio-hizkuntzaren arazoa bere gain hartzen, jai dago.
J.L. Alvarez Enparantza “Txillardegi” Aldizkariaren sortzailea
(BAT aldizkaria. 1. Zenbakia. 1990eko otsaila)





