55. zenbakia · 2005 (2)

Justizia Administrazioan euskaraz aritzea posible da

Esteban Umerez
Pellokeria dirudi artikulu honen izenburuak, baina kontua zera da, gaur egun Justizia Administrazioan dagoen euskararen erabilera mailari so eginda, horrelako pellokeriak ere zalantzan jartzeko modukoak direla. Izenburuak berez behar du labur izan, eta laburtasunaren eskasiak sortzen ditu hainbat galdera eta zalantza: benetan da posible Justizia Administrazioan euskaraz aritzea? Eta posible al da euskara hutsean aritzea, hau da, norabide guztietan gertatzen diren komunikazioak eta diskurtsoak euskaraz izatea? Indarrean dagoen legeriak babesten al du euskararen erabilera Justizia Administrazioan? Hutsunerik badu legeria horrek? Eskubiderik ba ote dugu euskaldunok epaitegietan euskaraz aritzeko? Eskubide horrek betebeharrik ba al dakarkio Justiziari? Eta baliabiderik jartzen al dute Justizia Administrazioari lotutako eragileek herritarrok euskaraz egin dezagun?