62. zenbakia · 2007 (1)

Ikerketa-egoera euskalduntze-alfabetatzean

Josu Perales
  1. AURREKARIAK Euskara helduaroan ikastea ez da lehenengo begiratuan irudi lukeen bezain gertaera berria. XX. mendearen hasieran hainbat eta hainbat liburu eman ziren argitara euskara irakasteko eta lantzeko asmoz. Garai hartako izenburuak oso esanguratsuaK dira: “Quiere Vd. hablar en euzkera? El vascuence al alcance de todos”, “El Euskera o el baskuenze en 120 lecciones”, “Euzkel-Iztiya ó sea gramática de la lengua vasca según el método de Ollendorf”... Liburu horiek ikuspegi erabat gramatikala zuten. Latinari begiratzeko eta aztertzeko erabiltzen ziren moldeek bizi-bizirik jarraitzen zuten, aurreko mendeetan bezala, Larramendiren “El imposible vencido” edota Lardizabalen “Gramática vascongada” liburuak lekuko.