43. zenbakia · 2002 (2)

Euskararen kale erabilera Araban: 1989-2001

Iñaki Martinez de Luna
Euskal Herriko euskararen kale erabilera laugarren aldiz neurtzen duen ikerketa honek euskalgintzan eta hainbat gizarte eremutan interes guztiz ulergarria piztu du. Arabari dagokionez ere, bilduriko informazioak hainbat puntu azpimarragarri eskaintzen digu, ondoko lerroetan ikus daitekeen bezala. Ikus dezagun, beraz, Araban gehien gailentzen diren zifrak eta joerak zeintzuk diren, datu orokorrenetatik abiatuta.   KALE ERABILERA, ORO HAR (%) URTEA Araba Gasteiz Euskal Herria 1989 3,9 1,9 10,8 1993 3,9 2,5 12,0 1997 3,8 2,9 13,0 2001 3,3 2,8 13,5 1. taula Araban, 1989tik 2001era bitarteko kale-erabilera, oro har, mantendu bada ere, lehenengo begiradan begi bistan agertzen zaigunak jaitsierarako joera baten susmoa pizten digu, azkeneko zortzi urteetan erabilera %3,9tik %3,3ra bitartean apaldu baita. Baina, esan dezagun, aldiz, Gasteizko datuek ez diotela ildo berdinari jarraitzen, 1989tik 1993rako igoeraren ondoren, erabilerak, jaitsi partez, lorturiko maila berdinari eusten diolako.