Bilatu Test

Guztira: 1362

Baionako Bernat Etxepareko 15-18 urte bitarteko ikasleek, Ipar Euskal Herrian, ikastolatik kanpo, euskara erabiltzeko dituzten arnasguneak, oztopoak eta jarrerak

Egilea: Arantza Egiguren Aizpiolea
Aldizkaria: 130. zenbakia. 2024 (1)

Lan honetan Bernat Etxepare lizeoan dauden 15-18 urte bitarteko ikasleek hezkuntza
eremutik kanpo euskara erabiltzeko dituzten arnasguneak, oztopoak eta jarrerak aztertu dira. Aurrera
eraman ahal izateko kontuan izan dira ikasleen lehen hizkuntza eta euren gune sozial nagusiak, besteak
beste. Nolanahi ere, lanaren helburua betetzeko, hurbilpen historiko bat burutu da, identitate frantsesak
iraultza frantsesean hartu zuen garrantzia aztertuz, eta gaurdaino duen indarra azpimarratuz, hain zuzen
identifikatzeko zein diren indar horren ondorioak Seaskako ikasleek euskararekin duten harremanetan.
Ikerketa honetan, ikasleek, Ipar Euskal Herrian euskaraz hitz egiteko aukera arnasgune deitu dute,
hortaz, horrela definitu da lan honetan. • Hitz gakoak: Iraultza frantsesa, euskara, Seaska, arnasguneak.

Euskararen geografia berria

Egilea: Garikoitz Goikoetxea Etxeberria
Aldizkaria: 130. zenbakia. 2024 (1)

Urteotan aldaketa nabarmena izan du euskararen egoera soziolinguistikoak, batez ere
ezagutza hedatzearen eskutik. Bilakaera hori aztertzean, aintzat hartu beharreko aldagaia da lurraldea:
Euskal Herriko herrietan eta eskualdeetan zer gertatzen ari den. Egoera soziolinguistikoa ez baita bera
eremu guztietan, eta bilakaera ere ez. Hizkuntza-plangintzan kontuan eduki behar da hori.
Analisi geografiko baterako hurbilketa egitea da lan honen xedea: euskararen egoerari buruzko datu nagusiak
lurralde-ikuspegitik lantzea, mapa berri batzuk proposatuz. Euskal Herri osoa hartu da oinarri,
udalerriz udalerri, hainbat informazio-iturri uztartuta. Ez da lan erraza, informazioa ez baita osatua Euskal
Herri osoan. Euskal demolinguistikak hori du erronka nagusietako bat: nola osatu lurraldez lurraldeko
azterketak Euskal Herri osoan egiteko moduko datu-multzo sendo bat. • Hitz gakoak: Euskara,
Demolinguistika, Ezagutza, Erabilera, Zentsuak, Inkesta Soziolinguistikoa.

Hiztunaren genero nahasmendua. Hizkuntza gutxituak, euskara eta generizazio prozesuak

Egilea: Jone Miren Hernández García, Marta Luxán Serrano
Aldizkaria: 130. zenbakia. 2024 (1)

Artikuluak hizkuntza gutxituen inguruan gertatutako generizazio prozesuak ditu aztergai,
euskararen erabileran antzemandako feminizazioa adibidetzat harturik. Joera hau 1990 hamarkadan
azaleratu zen, emakumezkoek gizonezkoek baino euskara gehiago erabiltzen zutela islatzen zuten datu
estatistikoei esker. Ustezko feminizazio hori abiapuntua da euskararen indarberritze prozesuan zehar
generoarekin lotutako lau gertakari aztertzeko: jakintza soziolinguistikoaren generizazioa, hiztunaren
esentzializazioa, indarberritzearen feminizazioa eta hiztun estatistiko bitarraren finkapena. Eztabaidan
nabarmentzen dugu hiztunen kategorizazioak eta errepresentazioak (tartean sexu-generokoak), ezberdintasunak
agerrarazteaz gain horien eraikuntzan eta finkapenean eragiten dutela, hainbat ondorio ekarriz.
• Hitz gakoak: Euskara, hizkuntza gutxituak, indarberritzea, generoa, estatistika.

Multinazionalen hizkuntza-politika egokirako hainbat gako

Egilea: Eneko Barberena Mondragon
Aldizkaria: 130. zenbakia. 2024 (1)

Multinazionalen errealitatea globalizazioak hauspotu duen fenomenoa da. Mundu-mailan
ekoitzi eta saltzeak erakunde bati ekarri dizkion erronken artean dago hizkuntzen kudeaketarena,
aniztasunaren kudeaketaren baitan. Artikulu honetan aztertzen dira kasu batzuetan kudeaketa ezegokiak
ekar ditzakeen ondorio kaltegarri batzuk eta baita hizkuntzen kudeaketa egokia egin ahal izateko
hainbat gako proposatu ere. • Hitz gakoak: Multinazional, kudeaketa, aniztasuna, enpresa, hizkuntza
franko korporatiboa, hizkuntzen kudeaketa.

Hitzaurrea

Egilea: Belen Uranga Arakistain
Aldizkaria: 130. zenbakia. 2024 (1)

Haurren euskarazko sozializazioa Zumaian

Egilea: Belen Uranga Arakistain, Ibon Manterola Garate
Aldizkaria: 129. zenbakia. 2023 (4)

Zein da zehazki Zumaiako haurren eta nerabeen sozializazioan euskarak duen lekua?
Berdin hitz egiten dute haiek eskola-esparruan eta eskolatik kanpo daudenean? Zein leku du euskarak
lagunekin kalean daudenean eta bestelako aisialdiko jardueretan? Zein da euskararen lekua haur horien
etxeetan? Eta loturarik ba ote da etxeko erabilera-ohituren eta haurren kaleko eta eskolako euskararen
erabileraren artean?
Zumaian bizi diren euskaradunen dentsitatea eta herriko kaleetan entzuten den euskararen erabilera
aintzat hartuta, esan daiteke Zumaia herri oso euskalduna dela. Testuinguru horretan egin da haurren
sozializazioan euskararen presentziaren inguruko ikerketa. Zehazki, Zumaiako HH5, LH4 eta LH6ko
haur eta nerabeen hizkuntzen erabileraren behaketa zuzena egin da alde batetik, eta, bestetik, nerabeek
eta euren gurasoek osatutako inkestaren bitartez jasotako datuak aztertu dira. Artikulu honetan, ikerketak
emaniko emaitza izan den diagnosiaren laburpena eskainiko da. • Hitz gakoak: euskara, aisialdia,
hizkuntzen erabilera, sozializazioa, hizkuntza-jarrerak.

HIGA! 2023: munduko hizkuntza gutxituen etorkizunerako aletxo

Egilea: Ainhoa Pardina Arenaza, Beñat Garaio Mendizabal
Aldizkaria: 129. zenbakia. 2023 (4)

Gizateriaren aberastasunik handienetako bat hizkuntzak dira, gehienak hizkuntza gutxituak,
eta aurreikusten da munduan hitz egiten diren 6.000 hizkuntzen % 90 desagertuko dela XXI.
mendearen amaieran. Horregatik da garrantzitsua hizkuntza gutxituen biziberritzean lan egitea eta hori
da HIGAren helburua. HIGA hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketa da, hizkuntza gutxituen
biziberritzea eta munduko hizkuntza-komunitateen arteko sare-lana helburu duena. 2023ko uztailean
egitasmo honen 4. edizioa egin da Gasteizen, eta, antolatutako 5 eguneko programazioaren baitan, komunitate
ezberdinetako kideek hizkuntzen biziberritzearen zein hizkuntza aktibismoaren alorrean formatzeko
eta haien errealitatea partekatzeko zein besteena ezagutzeko aukera izan dute. HIGAko parte
hartzaileak 18-30 urte bitarteko gazteak dira. Artikulu honetan, HIGA proiektuak hizkuntza gutxituen
biziberritzean egiten duen ekarpena ikusi nahi dugu. • Hitz gakoak: HIGA, gazte, hizkuntza gutxitu,
biziberritze prozesua.